[ad_1]

Eusko Jaurlaritzak aurrera egiten du irakaskuntzaren pribatizazioan

Duela egun batzuk, Eusko Jaurlaritzak (EAJk eta PSEk)1 Euskal Autonomia Erkidegoko (EAEko) Hezkuntza Lege Proiektu berria aurkeztu du. 1993ko euskal hezkuntzari buruzko azken legea egin zenetik 30 urte igaro dira. Lege hori bezala, testu jaioberriak irauteko asmo argia du, eta eragin sozial handia izango du: Euskadiko gazteen belaunaldi baten edo batzuen hezkuntza etorkizuna, prestakuntza akademikoa eta giza baloreak xedatuko ditu. Horregatik, askoz gehiago espero zen harengandik.

Atera berri den Lege Proiektuak Euskal Hezkuntza zerbitzu publikoa EAEko bi hezkuntza-sareek (publikoa eta pribatu-itunpekoak, batez ere) ematen duten hezkuntza zerbitzua dela azaltzen du. Honen bidez, hezkuntzaren eredu duala izkutatu nahi da, eta irakaskuntza pribatizatzeko bidean aurrera egiten da, zerbitzu publikotzat jotzen baita ikastetxe pribatuek eskaintzen dutena. Gainera, azken horiei altxorreko baliabide gehiago ematen dizkie, familiei kuotak saihesteko.

Horren truke, lege berriak ikastetxeei baldintza eta balio batzuk betetzea eskatuko diela aditzera ematen du, eskola publikoa berez definitzen dutenak hain zuzen ere, eta pribatuan ia inoiz betetzen ez direnak: aukera-berdintasuna, ikasle ahulen inklusioa, aniztasuna eta integrazioa… Alabaina, ez du garbi azaltzen nola kudeatuko duen euskal eskola bereizketaren gaitza, ezberdintasun sozio-ekonomikoei lotuta, Estatuko eta Europako tasarik altuenetariko batekin. Ez ditu ekintza zehatzik ezartzen ezta epe laburrerako konpromisorik hartzen ere baliabide gutxi dituzten familiak ikastetxe pribatuetan sar eta bertan gera daitezen.

Antza denez, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko berriak sexu eta genero askatasuna eta laikotasuna bermatuko ditu, eta ikastetxeetan doktrinamendua galarazi egingo du. Jarraian, ordea, ikastetxe pribatuen ideologia propioa, horietako asko erlijiosoak, errespetatuko duela adierazten du. Hamaika ikusteko jaioak gara.

Lege Proiektu berri honek zentzugabekeria eta aukera galdua da eskola publikoa gure hezkuntza sistemaren ardatz bihurtzeko. Zentro pribatuei dagokienez, galbideratu egiten den zerbitzu publiko baten parte direlaren ideia ezartzen du; aurrekontu handiagoa ematen die eta, horren truke, baldintza hutsalak eskatzen dizkie, ekintzarik eta konpromiso zehatzik gabekoak, inoiz beteko ez dituztenak, haien izaera pribatu-merkantilista eta berezko ideologia urratzen dutelako. Hau guztia gutxi balitz, LOMLOEren 109. artikulua ez du betetzen, bertan ezartzen baita plaza publiko nahikoak bermatzeko betebeharra eta baita ikastetxe publikoen sarean gero eta eskola-postu gehiago egon daitezen ere.

Euskadi Laikoan urteak daramatzagu bere unibertsaltasunagatik eta aniztasunagatik balio horiek guztiak benetan bete dezakeen hezkuntza-eredu bakarra defendatzen, amarru eta eskakizun eginezinik gabe: eskola publikoa laikoa.

Lanean jarraituko dugu 30 urteko desberdintasunen, bereizketaren, kontzientzia-askatasunik ezaren, aniztasuna urratzearen eta hainbat hezkuntza bidegabekeriren lekuko ez izateko. Hezkuntza publikoa eta laikoa ezinbesteko baldintza da gizarte garatu, moderno eta justu baterako. Zoritxarrez, lege honek ez du aurrera egiten bide horretan baizik eta atzera, itunpeko ikastetxe pribatuak ikastetxe publikoekin parekatuz.

1 Eusko Jaurlaritzako bazkideek, EAJk eta PSEk, aurkeztu duten Lege Proiektu berria oraindik onartzeke dago Eusko Legebiltzarrean, eta polemika piztu du dagoeneko organo horretako kideen % 90ek duela urtebete sinatutako hezkuntza-ituna ez betetzeagatik.

[ad_2]

Source link